Hizkuntza-murgiltzea euskaraz

2025/02/10

Eta A eta D ereduetako DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek euskaraz murgiltzeko jardunaldi batzuetan parte hartu dute. Astizen egon dira, aterpetxean. Hiru egun eman dituzte, otsailaren 3tik 5era, Olatz D. eta Eider A. irakasleek lagunduta.

Honela kontatu digute:

"Otsailak 3 astelehenean goizeko 8:30etan atera ginen A eta D ereduko 23 ikasle Astitzerat. Iritsi eta harrera egin zigun Olatzek, gure hezitzaileak. Bazkaldu aurretik denbora librea izan genuen. Bazkaldu ondoren menditik “Jentilharribide” paseoa egin genuen. Urritzaz beteriko basoan barna ibili ginen. Aska batean uhandreak, zapaburuak eta igel gorriak ikusi genituen, baita Margarita izeneko bizilagun baten behi zahar baten buruhezurra ere. Ondoren, bikoteka eta batak begiak estalita zituela bueltatu ginen herrira. Gauean, afaldu ondoren eta ohera joan baino lehen, oihal batean itzalak proiektatzen eta taldeka antzerkiak egin genituen.

Asteartean, otsaiak 4, gosaldu eta Mendukiloko kobazuloak bisitatzera joan ginen ordu erdiko paseo bat emanda. Bazkaldu eta gero Pabloren (ikastetxeko Gorputz Heziketako irakaslea) ahuntzak ikustera joan ginen paseo bat emanda eta buelta, aterpean, zainbelar ukendua egin eta egragopilak (harrapakariek sortzen dituzten bolak dira liseritu ezin dituzten beraien harrapakinen soberakinekin) aztertu genituen. Gauean, afaldu ondoren, festa egin genuen.

Azken egunean, asteazkenean, jeiki eta maletak prest utzi genituen gosaldu baino lehen. Gosaldu ondoren, herri-kirolen azalpena jaso eta herri-kiroletara jolasten aritu ginen: “lokotxak”, “soka-tira”... Bazkaldu ondoren, autobusa hartu genuen Tafallara bueltatzeko."


 

 

Hiru egunak oso azkar pasa dira, oso ondo pasatu dute! Argazki guztiak ikus ditzakezu hemen.